XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Cederna. Garalurren asanblea orokorrari buruz:

Euskal Herritarrok taldearentzat penagarria da Nafarroako Eusko Alkartasuneko buruzagi batzuen aintzinako lotura eta inertziengatik Cederna-Garalur agentzian zuzendaritza demokratiko eta aurrerakoia jartzeko aukera alferrik galtzea.

Euskal Herritarrokek Jose Mª Aierdirekin (EAko Idazkari Nagusia) eduki dituen bilkuretan zuzendaritza adostu eta joera demokratiko eta aurrerakoi garbi baten alde apostu egin du, eta Cederna gobernatzeko programa-guttieneko batzuk izanen lituzkeen oinarrizko akordio bat bultzatu, beraz, oraindik ez dugu ulertzen akordio hori gauzatzeko ezezkoaren arrazoia.

Nafarroako iparraldean bizi den jendeak, soziologikoki eta politikoki abertzealeak eta preziski zonaldearen garapenerako abertzale eta aurrerakoitzat agertzen garenon konpromezua eta bulkaldia gehien behar duenak, ez dute Nafarroako eskuinaren, UPNko Gobernuaren interesen erranetara egonen den lehendakari bat merezi.

Lehendakariaren eta lehendakariordearen (Mikel Zoco, Zaraitzuko zerrenda herrikoi eta aurrerakoi bateko ordezkariaren) artean izandu zen 11 boto eskasen diferentziak argi erakusten du alderdi demokratiko eta aurrerakoien batasuna posible zela, EAren aldetik edo Aierdi jaunaren aldetik guttieneko borondate politikoa egon izan balitz.

Gure ustez norbaitek azaldu beharko dio nafar gizarteari zergatik izanen den UPNko txontxongilo batek gobernatua zonalde aurrerakoienetako bat.

Dena den, Zuzendaritza Batzordean nahiz Cedernako Asanblean dugun indarra kontuan hartuta, Euskal Herritarrokek lurralde hauen eta bertako jendeen alde lan egiteko borondate guzia jarriko dugu.

EUSKAL HERRITARROK (NAFARROAKO PRENTSA BULEGOA)